Hiria sortu baino lehenagoko iraganari buruz oso gutxi dakigu. Historialari batzuek Flaviobriga erromatarra zelako ustea zabaldu dute, baina hau ezin da egiaztatu txanpon erromatarrak aurkitu badira ere. Frogatuta dago, antza denez, bilbotarrak normandiarrekin elkar-loturik zeudela, XI. mendean ardatz atlantiarreko benetako jabeak zirenekin alegia. Beharbada eurak izan ziren itsastatzen eta salerosten irakatsi zigutenak.
XII. eta XIII. mendeetan, Bilbo eta Bermeo ziren merkataritza-portu nagusiak, bien arteko lehia honek mendeetan iraun zuelarik. Hiria sortu aurretik, Bilbok aurrerabide ekonomiko garrantzitsua lortu zuen, Gaztelako produktuen irteera-portua izatean oinarrituta; produktu hauek Iparraldeko itsasoetarantz bidaliz eta alderantziz. Bidegurutzea izatea ezinbestekoa gertatu zen Bilboko hiria sortzeko, bere agintaria eta forua (Logroñokoa), udalerri-muga zehatza eta hiri honetara bizitzera zetozenentzako abantail ugari zituen hiria sortzeko. Bilbok, berak bakarrik, zeukan itsasketa eta merkataritzaren kontrola itsasadarrari dagokionez. Sistema honen inguruan, erakunde eta ekintza asko eratu ziren; hauek, Bilbo inguratzen duten eta sabela burdinez beterik zuten mendietako lehengaiez baliatuko ziren. Burdina landu zuten -Shakespearek eta Tirso de Molinak, besteak beste, esan zuten legez- eta harizti, pagadi eta gaztainadietatik ateratako zuraz betidanik egin zituzten ontziak, itsasotik itsasora ibili baitziren salerosteko produktu berrien eta bezeroen bila.