Bilboko historia (1)

Bilboko historia (1)

Bilbo, hiri gisa, 1300eko ekainaren 15ean sortu zen, D. Diego López de Harokoak Hiri-Gutuna eman zionean.
Bilbo, beste hiri asko bezala, ibai baten ondoan sortua da. Lehenengo biztanleek bertatik hartzen zuten ura edateko eta ureztatzeko, eta arrainak ere bertan harrapatzen zituzten. Euren Nerbioi ibaiak ematen zien, bada, jan-edana. Honetaz gain, denbora igaro ahala, itsasadarra kanpoaldearekiko komunikabiderik onena izatera heldu zen.
Hasieran bi hirigune zeuden, izaera ezberdineko herriak: batetik, ezkerraldea edo Bilbo Zaharra, alde honetako jendeak meatzaritzan eta burdinoletan ziharduen; bestetik, portuko merkataritzan aritzen zen eskuinaldea edo Zazpi Kaleak. Alde bi hauek San Antongo zubiak lotu zituen eta hantxe bertan egon zen portua, itsasmarea haraino heltzen zen eta.

Bilboko historia (2)

Bilboko historia (2)

Hiria sortu baino lehenagoko iraganari buruz oso gutxi dakigu. Historialari batzuek Flaviobriga erromatarra zelako ustea zabaldu dute, baina hau ezin da egiaztatu txanpon erromatarrak aurkitu badira ere. Frogatuta dago, antza denez, bilbotarrak normandiarrekin elkar-loturik zeudela, XI. mendean ardatz atlantiarreko benetako jabeak zirenekin alegia. Beharbada eurak izan ziren itsastatzen eta salerosten irakatsi zigutenak.
XII. eta XIII. mendeetan, Bilbo eta Bermeo ziren merkataritza-portu nagusiak, bien arteko lehia honek mendeetan iraun zuelarik. Hiria sortu aurretik, Bilbok aurrerabide ekonomiko garrantzitsua lortu zuen, Gaztelako produktuen irteera-portua izatean oinarrituta; produktu hauek Iparraldeko itsasoetarantz bidaliz eta alderantziz. Bidegurutzea izatea ezinbestekoa gertatu zen Bilboko hiria sortzeko, bere agintaria eta forua (Logroñokoa), udalerri-muga zehatza eta hiri honetara bizitzera zetozenentzako abantail ugari zituen hiria sortzeko. Bilbok, berak bakarrik, zeukan itsasketa eta merkataritzaren kontrola itsasadarrari dagokionez. Sistema honen inguruan, erakunde eta ekintza asko eratu ziren; hauek, Bilbo inguratzen duten eta sabela burdinez beterik zuten mendietako lehengaiez baliatuko ziren. Burdina landu zuten -Shakespearek eta Tirso de Molinak, besteak beste, esan zuten legez- eta harizti, pagadi eta gaztainadietatik ateratako zuraz betidanik egin zituzten ontziak, itsasotik itsasora ibili baitziren salerosteko produktu berrien eta bezeroen bila.

Bilboko historia (3)

Bilboko historia (3)

Hiru mendetan zehar bilbotarren bizitza arautzeko bi erakunde egon ziren: Udala eta Kontsuletxea (1511-1829), azken honek lehorreko eta itsasoko bizimoduari buruzko arauak, merkataritzarekin loturik zeudenak, ezartzeko ardura eduki zuen. Itsasoetan eta merkataritzan ziharduten garraiolarien unibertsitatea ere izan zen. Hain indar handia lortu zuen, ezen XVII. mendean bilbotarrek euren kontratazio-etxea baitzeukaten Brujasen (Belgikan), negozioak burutzeko. Bilboko Kontsuletxea XIX. mendean desagertu zen, Estatu osorako merkataritza kodea zabaltzean. Erakunde bi hauetako harremana hain handia izan zen, ezen San Antongo elizaren ondoan zegoen eta gaur egun ez dagoen etxe bat biek erabiltzen baitzuten.
Bilbo Santiago-bidean sartu izanak hiriari lagundu zion joera kultural eta artistiko ugariak ezagutzen, eta nolabaiteko hurbilketa gertatu zen, hiri honen izaera eratzeko funtsezkoa izan zena. Bidaiari hauek, kostaldeko bidetik erromes joan zirenak, aldi berean diru-iturri berria izan ziren.
Bilboren historia Aro Modernoan merkataritzarena da. Europako iparraldeko atlantiar gune eta Gaztelako erreinuaren barrualdearen arteko lokarri, Sevilla eta Amerikaren artekoarekin batera garrantzitsua izanik.

Bilboko historia (4)

Bilboko historia (4)

Baina, zalantzarik gabe, Bilboko izaera aldatu zuen mendea XIX.a izan zen. Mende horretan, Bilbo Bizkaiko hiriburu izendatu zuten (1820-23); Bilbo Handiko industri bilakaera hasi zen meatzetan eta industri siderometalurgikoetan oinarrituta. Itsasgintza eta trenbide-konpainiak -1000 km baino gehiagoko bidea egin zuten 50 urtean, 1841.etik 1891.era arte- ere bultzatu ziren, zenbait banku eratu ziren, baita burtsa sortu ere.
Bilbok garai horretan hainbat gerra jasan bazituen ere -Napoleonek indarrez egindako sarrera (1808) eta lau setio bi karlistadetan (1835-36 eta 1873-76)-, bere bilakaera ekonomikoa izugarria izan zen.
Bilbok, ordura arte Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra baino biltzen ez zituenak, zabaldu eta nagusitasun ekonomikoa frogatu beharra zeukan, politikari begira batez ere. Izan ere, 1870ean hasiera eman zitzaion anexio prozesuari: lehena Abando izan zen, gero Begoña eta azkenik Deustu eta Lutxana (1924). Honen berri izan ondoren, ohartuko gara gaur dugun hiria oso asmakizun berria dela. Aurrerapen hau arkitekturan nabaria da. Monumentu asko garai horretakoak dira: Plaza Barria, Arriaga Antzokia, Udaletxea…

Bilboko historia (5)

Bilboko historia (5)

XX. mendeko lehen zatian Bizkaiak gorakada ekonomikoak bizi izan zuen, mendearen bigarren hamarraldian goia jo zuena, batez ere Ingalaterrari egindako burdin-salmentari esker. Burdina Lehen Munduko Gerrarako armak egiteko erabili zen.
Garai hori eta Gerra Zibileko gorabeherak igaro ostean, Hiriak ikusi zuen industriak goreneko indizeak hatzeman zituela eta Estatuko leku guztietatik milaka etorkin bertaratu ziren, etorkin hauei etxebizitza eman ahal izateko hainbat auzategi sortu ziren. Horiek egiteko presa eta inguruko orografia zirela-eta, Bilbok ezin izan zion plangintza linealari eutsi.
Demografiari dagokionez esan behar Bilbao Handiak, industri bilakaera gertatu zen Nerbioi itsasadarreko eraginpeko eremuak, milioi bat biztanle dituela; Bilboko Hiriak, ordea, laurehun mila inguru.
Gaur egun, diru-sarrerak industrian oinarritu zituen alde honek atzerabide ekonomikoan murgilduta dago. Hala ere, biztanleek geroari baikor begiratzen diote, XIX. mendeko industri gizartea aldatu eta kalitate handiko zerbitzuetako hiria lortzeko erronka izugarriari aurre eginez.